Ikerketa Metodologia Feministari buruzko VI Jardunaldiak

Migrazioak, giza eskubideak eta intersekzionalitatea

Aurkezpena eta helburuak

Epistemologia eta metodologia feministen esparruan aurrerapenak lortu baditugu ere, oraindik bide luzea dugu egiteko horiek ezagutza askotariko, kritiko eta eraikitzaileen iturri legitimo eta baliotsutzat onartu daitezen. Erronka garrantzitsu horretaz jabetuta, 2022ko urriaren 20an eta 21ean egingo diren Ikerketa Metodologia Feministari buruzko VI Jardunaldien helburua da ikerketan gizartea eraldatzen laguntzeko aukera bat ikusten dugun pertsona guztientzat hausnarketarako eta bateratzeko gune bat eskaintzea.

Eraldaketa hori birpentsatzeko eta bizitzaren jasangarritasunera bidean aurrera egiteko estrategia alternatiboak bilatzean, ikerketa feminista baliabide beharrezko eta baliotsua da, eztabaidaezina zalantzan jartzea ahalbidetzen duena. Jakintza eta esperientzia batzuk beste batzuen gainean hierarkizatuz, sistema hegemonikoa ezagutzaren bidez nola (bir)sortzen den ikusarazteko aukera ematen digu. Errealitate honi aurre egiteko, ikerketa feministek proposamen onto-epistemikoak, etikoak eta politikoak erdigunean jartzen dituzten metodologietara jotzen dute.

Horietatik ezagutza jakin bat sortzen da, betiere kokatua. Horrek aukera ematen du, besteak beste, ekoizpen sistemaren birkonfigurazioan eta ezagutzen balioztapenean aurrera egiteko, isilarazitako ahotsak balioetsi eta ezagutzeko, eta mundua ikusi, aztertu eta bertan eragiteko beste modu batzuk ikusarazteko.

Ikerketa Metodologia Feministari buruzko Jardunaldien seigarren edizio honetan migrazioen eta giza eskubideen gaien inguruan arituko gara, analisi intersekzionalaren inplikazio praktikoak kontuan hartuz. Migrazio-prozesuek proposatzen dituzten erronkak ulertzeko eta haiei -eskubideetan eta justizia sozialean oinarritutako proposamen kritikoekin- erantzuteko beharrezkoak diren ikerketa motak eta haiek burutzeko ezinbestekoak diren metodologien inguruan arituko gara. Gainera, jardunaldiak hainbat subjekturen arteko topaketa eta elkartrukea bultzatzeko gune gisa ulertzen ditugu: unibertsitatea, emakumeen mugimendua eta mugimendu feminista, LGTBI mugimendua, arrazakeriaren aurkako mugimendua, GGKEak, erakunde publikoak, etab.

Metodologia eta egitura

Jardunaldiak bi egun osoz egingo dira (2022ko urriaren 20an eta 21ean), eta ikerketa feministari aplikatutako metodologiak lantzeko aldibereko sei tailer gauzatuko dira. Bi tailer euskaraz egingo dira eta lau gazteleraz, dinamizatuko dituzten adituen laguntzarekin. Taldeak gehienez 25 eta 30 pertsona artekoak izango dira, eta aukeratutako tailerraren eta izen-ematearen hurrenkeraren arabera osatuko dira. Tailerrek 4.30 orduko iraupena izango dute eta jardunaldietako bi egunetan banatuko dira. Tailer bakoitzaren dinamizatzaileak hauen antolaketa eta edukiak aukeratuko ditu, baina gutxienez ondorengoak jorratuko dira: aurkezpena eta metodologiaren ezaugarriak, aukerak eta aplikazioa ikuspuntu feministatik, ariketa prakiko(en) proposamena(k), eta baliabideak eta iruzkindutako oinarrizko bibliografia.

Gainera, lau bilkura-espazio egongo dira: hasierako hitzaldi bat, bi mahai-inguru eta tailerretako ikaskuntzak itzultzeko espazio bat, non tailer bakoitzean landutakoaren azalpen laburra, aukera eta muga metodologikoak ikuspuntu feministatik eta hausnarketa nagusienak bilduko diren.

Jardunaldiak UPV/EHUko Ekonomia Fakultateko (Sarriko, Bilbao) Gradu Aretoan (bilkura-espazioak) eta gela desberdinetan (tailerrak) egingo dira.

VI Jardunaldi hauen emaitzen artean, argitalpen bat egingo da paperean eta dagokion bertsio digitalean Creative Commons lizentziarekin, zeinak tailerretan eta bilkura-espazioetan landutakoak bilduko dituen.

Nori zuzenduta daude jardunaldiak?

Jardunaldiak ikasleei, irakasleei, ikertzaileei, mugimendu feministari, giza eskubideen aldeko mugimenduari, gizarte-kolektibo desberdinei, erakunde publikoetako langileei eta, orokorrean, ikerketa feministaren metodologien inguruan interesa duen edonori zuzenduta daude.

Eman izena!
Logo ovillo